Este sitio Web utiliza cookies propias y de terceros con objeto de mejorar la experiencia de navegación. Si continúa navegando estará aceptando de forma expresa el uso de estas cookies. Puede obtener más información en nuestra página Uso de Cookies

Aurrera
 

Gure historia kontatzeko modukoa da

"Etiam si oportuerit me mori tecum non te negabo" Zuregatik hil behar badut ere, ez zaitut ukatuko

Horixe dio Urduñako ezkutuak, eta baita urduñarren bihotzak ere. Bizkaiko Jaurerri zaharreko parte izateko sentimendua, bereizketa geografikoa gorabehera. Eta azken ezaugarri hori gure bereizgarri da, bere lurralde historikotik kanpo dagoen Euskadiko udalerri bakarra baikara. Lurraldearekiko debozioa. 1284az geroztik Bizkaiari lotua “beti-betiko”.

Multzo Historiko-Monumentala

Historia propioa duten kaleak eta harriak, Erdi Aroko sare-egitura osatzen. Plaza handi arkupetu bat da elementu nagusia, hainbat mendez gune estrategikoa izan zena, mesetatik itsasorantz zihoazen salgaiak (artilea, burdina, garaua, arraina, tapizak, triptikoak eta erretaulak...) salerosteko eta haien gaineko zergak ezartzeko.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Erdi Aroko azoka plaza handiena da.

Urduña historikoak lurraldetasuna, merkataritza eta zergak ditu hizpide. Eta narrazio hori, harrigarria beti, Multzo Historiko-Monumental izendatutako herrigune historikoak egiten du.

Antiguako Andre Mariaren Santutegia

Antiguako Andre Maria hiriko eta bailarako zaindaria da, eta haren santutegiaren inguruan jatorrizko Urduña sekularra aurkitzen dugu, lurrari lotutako lehen urduñarrak dituena hizpide, ezezaguna zitzaienaren eta zorigaitzaren aurrean babesa eskatzen zuten haiek. “Amatxuk” Erdi Aroaz geroztik babestu izan ditu bere mantuarekin eta, horregatik, Otxomaioak ospatzen dituzte urtero haren ohoretan.

Baina inguruneak antzinako sinesmenez ere hitz egiten digu, izaki eta jainko mitologikoak nagusi ziren garaiez. Bide haietan barrena Herensugea ibiltzen zen, erreketan Lamiak orrazten ziren, eta Mari hegan igarotzen zen Txarlazorantz.

Larruazabalgo Batzarra

Haritzaren azpian elkartu ziren, Batzarraren gaina izeneko lekuan, antzinako ohiturek agintzen zuten moduan. Baina aldi hartan, ahozko tradizioan mantendutako lege hau idatziz jasotzeko elkartu ziren. Komunitate gisa arautuko zituzten ordenantzak idazteko. 1516ko maiatzaren 4a zen.

Bizkaiko Administrazio Batzar bakarra da, eta balio handiko ondare ukiezina mantendu du: bere instituzio sekularrak. Bertako jendearen espiritua dute gordeleku instituzio horiek, eta Larruazabalgo kutxa, artxiboa, XVI. mendeko haritz landu bat.